XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alde aurrez, zenbat epeetan edo alditan eginak izan diran gaurko egunean ingurumari au osatzen duten ikuspegia kontuan izanik, Donosti'tik Irun'era dijoan bide-zabaletik asirik, Herrera'ri dagokion zatia, 1845'garren urtean eraiki zutenean, auzo au bi zatitan banatuta geratu zala ikusiko genuke; alde batetik, gaurko egunean San Luis enparantza dana, eta beste aldetik, denborakin satorra deitzen diogunaren burni-bidea izango zana.

Andik urte batzutara, 1864'garrenean, Norte'ko trena ibiltzen asi zanerako, arrizko zubi eder bat eta bere bi muturretatik burni-bideari lotzen duten bi bete-lanak egin bear izan ziran.

Orretarako, asi Julimasene baserri paretik eta Ategorrieta'raiño egin zuten lubakia egiteko kendutako lurrez baliatuko ziran, ziur aski, eta, ain zuzen, egintza onek argitzen digu, Peruenezaar baserria, ipar aldetik, eta, bestaldetik, Txingurri sagardotegiaren atzeko aldean zegoan, aspaldi lurreratutako, Errota-zaar izeneko errota zergatik zeuden aipatutako bete-lanetik ain urbil.

Zalantzarik gabe ortxe zeudelako burni-bidea egin baiño leenago.

Eskol-mutillak giñan garaian, San Luis plaza iruertzeko (triángulo) bat osatzen zuan plaza txiki bat zan, zugaitz batzuk zeuzkana, Txingurri-erreka eta San Luis ikastetxearen albotik, kamiotik jeisten zan bidearen tartean kokatua zegoana.

Beerago, erreka zearkatzeko, arrizko zubi txiki bat zegoan, Larratxo aldera zijoan erri-bidearekin bat egiten zuana.

Gaurko egunean Ongi-etorri edaritegia dagon etxearen aurrekaldean arrizko erri-iturri bat zegoan, aspaldi xamar desagertu zana.

Errekaren eskubi aldean zingira txiki bat aurkitzen zan, eta itsas-gora biziak gertatzen ziranean, itsas-urak bertaratu egiten ziran.

Zingira ertzean, Erreka izena zuan baserri zaar bat zegoan, baiña gure garaian iñor ez zan bizitzen bertan; utsa egoten zan.

Geroago, erreka estaldu, baserria lurreratu eta zingira lurrez estali ondoren, Goi-zabal etxea, Peña'tarrena eta Sarriegi'ren biak eraiki zituztenean, eta, azkenik, eliza eta eskola osatzen zuten multzoa bota zutenean, San Luis enparantza gaurko egunean aurkitzen dan eran geratu zan.

Bestaldean, Gaiztarro-landa (finka), gaurko egunean zearo aldatua dagona, gure garaian Artazcoz izenez ezagutzen genuena, Sotomayor'ko Konde-dukearen lurrak ziran, Pasai'ko itsas-kolkoko urekin mugatzen zutenak.

Ain zuzen ere, Donosti'tik Irun'era dijoan autopistatik Pasai San Pedro'ra dijoan bidearekin Lasa'ren etxeen inguruan alkartzen dan bide-zatia da, gutxi gora-beera, gaurko egunean muga.

Aipatutako bide-zati ontatik Herrera'ko kaia izenez ezagutzen dan kai-ertzeraiño, Pasai'ko portuarekin zer ikusia duten biltoki edo almazenak kokatuak dauden lurraldea, Herrera'ko ubideari kendutako lurrak dira.

Orretarako, Pasai San Pedro'ko kamio bazterrean, Trintxerpe'tik asi eta Azkuene auzoraiño eraikiak dauden etxeak egiteko mendiari kendutako lurrez egiñak diran bete-lanak dira geienbatean.

Bete lana au egiteko, lenengo, Txingurri errekaren urak jaso eta Pasai'ko portuko mendebaleko kai muturreraiño eramateko, San Luis enparantzarik asi-ta, arrizko erroil edo alkantarilla luze bat egin bear izan zuten.

Betelana au bere osotasunean gure denboran bukatua izan zan, azken eitegia estaliz.